IKASLEEN INTERES ETA IDEIEKIN LANA EGIN
Ikasleriak aukeratutako proiektuekin lan egiten dugu
Ikasleek proiektuak aukeratu ahal izanak, bere indibidualtasunetik adierazteko aukera ematen die: gustatzen zaiena, zergatik gustatzen zaien, zer jakin nahi duten, zer egin nahi duten e.a. guztien proposamenak presente egongo direla bermatzen delarik.
Haurrak, eskolaratzen denetik adierazten du mundua ezagutzeko gogoa, bere komentario, emozio, eskolara ekartzen duen objektu edo ingurutik jasotako informazioen bitartez egiten du. Lehen urtetan, irakaslea da ikasleek adierazitako desioak jasotzen dituena: zerbaiten gainean gehiago jakin nahia, ikasleen usteak konfirmatu, beren zalantzak argitu, e.a. eta mundua ezagutzeko haurrek duten gogoari erantzuteko plan bat elaboratzen du irakasleak, gelak onartzen duena.
Beraien ideiekin egiten dugu lan
Nola iritsi ikasleen ideietara?
Ikasle bakoitzaren ideiak sondeatu eta ezagutzeko egiten ditugun ekintzei deitzen diegu sondeoak. Normalean bakarkako ekintzak izaten dira, bakoitzaren ideiak ezagutzera daudelako bideratuta, baina taldekoak, ere, izan daitezke. Proiektuaren garapenaren zehar egiten dira, ez hasieran soilik, sekuentzia didaktikoa gelako ideia aniztasun honetan oinarrituko delako.
Azpimarratu nahi dugu irakasleak eskatzen diena zera dela: nola uste duten dela zerbait, nola irudikatzen duten, nola egingo luketen.. Ez die erantzun zuzen bat eskatzen, beren ideia eta proposamen propioak libreki adierazi ditzatela eskatzen diete, ikasle bakoitzaren pentsatze-askatasuna bultzatu eta legitimatzen ditu. Ikasleak, marrazkien bidez adierazi daitezke, edo ahoz, beste kide batek esandakoa interpretatu edo onartu dezakete e.a.
Irakasleak, ikasleek taldeko partaide senti daitezela sustatzen du eta beren ideiak taldeko proiektuari ekarpena egiten diotela. Horrela, ikasleak baloratuta sentitzen dira, beren auto-estimuak eta taldearekin ezagutza lortzeko duten desioak gora egiten dute.
Ikuspegi kooperatiboa duen gela dinamika bat da, ikasketaren estimulu handiena ez da lehiakortasuna izango; ikasleek gelakoen arteko ezberdintasunak ulertzen eta onartzen dituzte, zailtasun nabarmenenak dituzten kideen ahalegina baloratzen dute. Kideen begirada da, ispilu baten bezala, beren auto-irudia itzultzen diena.
Zertarako ezagutu ikasleen ideiak?
Beraietatik abiatu eta irakas-ikas prozesua gidatu ahal izateko. Ikasle guztiak kontutan hartu eta gela dinamiketan denak barnean hartzeko. Helburuak zehaztu ahal izateko eta ikasleendako zentzua duten ikasketa-testuinguruetan edukiak txertatzeko. Sekuentzia didaktikoa planifikatzerakoan, zentzuz eta koherentziaz jarduteko. Ikasleen eta baliabideen antolaketa proiektuei egokitzeko. Ebaluaketa banan-banakoa, etengabea eta formatzailea bermatzeko. Finean, prozesuan zehar irakaslearen jarduna egokitzeko.
Sondeoen testuingurua
- Gelako giroa: Giro egokia sortu eta ziurtatu behar dugu: konfiantzazkoa, askatasunezkoa, non ikaslea ez den epaitua sentituko, eta gelakideek bere ideiak errespetatzen dituztela sentituko duen. Ikasleak, bere ideiak azaltzeko behar besteko denbora izan behar du. Talde-proiektuko partaide senti dadila eta berau garatzeko bere ideiak garrantzizkoak direla senti dezala..
- Gela-taldearen ideiak: Irakasleak, ikasketa-egoera dagokion testuinguruan kokatu behar du, ikasten ari garenarekin duen erlazioa ikasleek ikus dezaten, hauek adierazitako interesekin eta egin dituzten galderekin. Eta hori, ikasleak izan daitezen prozesuaren protagonista arduratsuak. Ziurtatu behar dugu ikasleek ondo ulertu dutela zer eskatzen diegun. Benetan beraiek pentsatzen dutena bilatu behar dugu: “nola uste duzu dela”, “zer edo nola egingo zenuke” . Ez zaie liburuetako erantzunik eskatzen, ezta irakasleari entzutea gustatuko litzaiokeena. Galdera itxiak ekiditea komeni da, hala nola: “ nola da”, “nola egiten da…” segurtasun falta eragin dezaketelako edo ikasleari pentsa araztea berak hori ez dakiela. Sondeoak, beraz, ez dute erantzuna ondorioztatu behar. Ahozko edo idatzizko mezu garbi eta ulergarriak erabiltzea komeni da, ikasleen ulermena erraztuko duen hiztegia erabiliz, termino oso teknikoak alboratuz, oztopo gehigarri bat izan ez daitezen.